Entry Title

Ginés MORATA genetikaria, Claude COHEN-TANNOUDJIren ordez

Azken orduko aldaketa bat egon da Passion for Knowlege 2019 jaialdiaren egitarauan. Claude COHEN-TANNOUDJI ezingo da Donostiara etorri jaialdiko egunetan, eta haren ordez Ginés MORATA genetikariak eskainiko du hitzaldia.

Ginés MORATA Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko Ikerketako irakaslea da. 50 urte daramatza garapen-genetikaren arloan ikertzen, eta, beste aurkikuntza batzuen artean, Moratak agerian utzi zuen Animalia Erreinuko espezie guztiek arkitektura genetiko bera dutela, eta hark deskubritu zuen norgehiagoka zelular deritzon fenomenoa, animalia-ehunetan komeni ez diren zelulak ezabatzeko prozesu bat.

“Biologia eta gizartea XXI. mendean: informazio genetikoaren manipulazioa eta gizartearen etorkizuna” izenburua du Ginés MORATAk eskainiko duen hitzaldiak. Asteazkenean izango da, urriaren 2an, arratsaldez, Victoria Eugenia Antzokian, hitzaldi nagusien saioa itxiz, María MARTINÓN TORRES eta Sir John PENDRYren ondoren.